XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ia-ia hiltzat nuen neure burua, eta hara non sentitzen dudan bat-batean jarioan ari nintzela, zangoetatik behera isurki bero moduko bat zetorkidala.

Odola ote zen pentsatu nuen lehenbizi, baina laster konturatu nintzen ezetz, txiza zela.

Eta orduan gauza bitxia gertatu zait.

Erdi lotan, baina ez zeharo ametsetan, ohetik altxa, komunera abiatu naiz eta egin beharrekoak egin ditut han, zertan ari nintzen oso ongi konturatu gabe.

Berriro ohean, ametsetan segitu dut, ordura arte izandakoa ametsaren lehen zatia baino izan ez balitz bezala.

Bigarrenean sofrikarioa zetorren berriro.

Handik eta hemendik jasotzen nituen kolpeez gain, irain mordo bat entzuten nuen eta oihu latz eta luze bat, belarriak lehertaraziko zizkidana.

Eta sofrikario luze baten ondoren, azeri-otsoek askatu egin ninduten eta txerrietara bota, haiek adi-adi harriak bizkarretik hartu eta gainera jaurti ziezazkidaten.

Ni eta nire beste nortasun hura harriz jota ia akabatuta ginenean, itzarri egin naiz.

Berehala pentsatu dut ametsa baino ez dela izan eta irribarre egin dut lasai.